PLATAFORMA A-rekin, lehenengo bilera

Contenido

Plataforma honen lehen bilera zirraragarria izan da. Ez genekien nor azalduko zen, eta elkarri begiratzen genion aurpegi ezagunak antzemanez, bertara interes berek bultzatuta joanak baikinen. Oso talde joria, 50 pertsona baino gehiagoz osatua.

Artista eta eragile artistikoak bildu ginen, batetik artearen munduan emakumearen protagonismoa aldarrikatu eta bere presentzia handitzeko ekintzak egiteko helburuarekin eta bestetik gure lana berdintasun baldintza hobeetan egiteko asmoz.

Lehenengo banan bana aurkeztu genuen gure burua: Pili, Cristina, MªJose, Sonia, Blanca, Nekane, Haizea, Josette, Nuria, Ann, Maider, Arakis, Lourdes, Agurtzane, Txus, Begoña, Irina, Ane,  Dora, Eva, Sofia, Ricardo, Ainara, Haizea, Ana, Tuti, Montserrat,...(lerro hauek izenez betetzen joateko lagundu egin beharko didazue, ahal izanez gero egondako 50etara iritsi arte, eta baita gehiagora ere, memoria kolektiboa pertsona bakarrarena baino askoz ere boteretsuagoa baita).

Ondoren proiektu ezberdinak aurkezteko unea iritsi zen: Wiki-historiak (jada martxan den webgunea izaki, wikia bera proiektuaren tresna gisa erabiltzea proposatu zen bileren inguruko informazioa bildu eta on-line topagunea izan dadin, plataforma asmoen ildoa jarraitzen duen neurrian), Feministaldia (Plazandreok-ek antolatzen duen arte eta feminismoari buruzko jaialdia, 6. urtea erdietsi duena) eta Itzal Aktiboa (arte garaikidean interesatutako artista eta pertsonek osatzen duten elkartea, Donibane Garazin dagoena eta erakusketak, kurtsoak, ekitaldiak eta artistentzako  antolatzen dituena)

Jarraian, taldeka lan egiteko bildu ginen. Hauek dira sortu ziren gaietako batzuk, bai taldeetan eta baita izandako elkarrizketen harira ere:

- Nola enfokatu geure burua artea, emakumeak eta feminismoarekin erlazioan.

- MAV (Asociación de Mujeres en las Artes Visuales) taldeak antolatutako "Miradas de Mujer" ekimenarekin bat egitea.

- Berdintasun legeak bete daitezen aldarrikatzeak duen garrantzia: "Espainiako 2007ko berdintasun legea", "Euskal Erkidegoko berdintasunerako 2005eko legea", "Emakunderen 5. berdintasun plana". Museo eta erakusketa aretoetako erreklamazio orriak erabiltzeko iradokizuna egin zen legeak betearazteko.

- Nola antolatu horrengo topaketak (Hurrengoa Bilbon izango da martxoaren bukaera aldera; kalean biltzeko aukeraz baliatzeaz ere hitz egin zen, aulki bana hartuta Donostiko Rompeolasean, apirilaren bukaeran, bilerak hiri-espazioan ikusgai jarriz).

- ....

Azkenik, hamaiketako atsegin bat izan genuen San Telmo Museoko kafetegian, museoak berriki zaharberritutako espazioak erabiltzeko aukeraz baliatuz (Agustina Otero eta Leopoldo Ferránek egindako fatxada ikusgarria da). Gauza askoren inguruan hitz egin genuen: artearen espazio hedatuaz eta murriztuaz, artistek euren denbora antolatzeko orduez, artearen merkatuaz...

Hemen dauzkazue MItartek bileran egindako argazki batzuk.

Eta hemen topaketan aurkeztutako MAV-en "Mujeres y cultura. Políticas de Igualda" publikazioa.

 

AurreikuspenaAttachmentSize
acta-topaketa1.pdf56.39 KB